Literaktum Topaketak: Jonathan Coe apirilaren 9an Okendon
Jonathan Coe britainiar idazlea izango da 2025eko lehen Literaktum Topaketen protagonista. Ekitaldia apirilaren 9an izango da Okendo Kultur Etxean, 19:00etan. Sarrera librea izango da aretoa bete arte eta aldibereko itzulpen zerbitzua izango da, euskaraz eta gaztelaniaz. Slawka Grabowska arituko da Coerekin solasean.

Literatur ibilbide oparoa duen Jonathan Coek, iazko azaroan argitaratu zuen Bournville (Anagrama) azken eleberria gaztelaniaz, Britania Handi garaikidearen erretrato fin, hunkigarri eta dibertigarria Birminghamgo familia bateko lau belaunaldien bidez kontatua. Coeren literatura lanaren ezaugarri nagusia konpromiso politikoa da, betiere satira malenkoniatsuaren bidez modu komikoan adierazia.
Literaktum Topaketak egitasmoak nazioartean ezagunak diren edo euren ibilbideari errekonozimenduren bat jaso duten idazleak hirira gonbidatzen ditu urtean zehar. 2019 urtea ezkeroztik Najat El Hachmi, Leonardo Padura, Petros Márkaris, Selva Almada, Jhumpa Lahiri, Olga Tokarczuk poloniar Nobel sariduna eta Maxim Ósipov errusiar idazlea izan dira gonbidatu Literaktum Topaketetan.
2025eko azaroaren 10etik 23ra, beste urte batez, Donostia Letren Hiria bilakatuko duen Literaktum Jaialdiaren aurrekaria izango da Topaketa.
Jonathan Coe
Jonathan Coek (Birmingham, 1961) Cambridge eta Warwickeko unibertsitateetan ikasi zuen eta Literatura ingelesean doktore da azken unibertsitate horretan.
Besteak beste, honako lan hauek argitaratu ditu gaztelaniaz: ¡Menudo reparto! (John Llewellyn Rhys saria eta Frantzian, Atzerritar Liburu Onenaren saria; La casa del sueño (Writers’ Guild of Great Britain Best Novel saria eta Frantzian, Atzerritar Medicis saria); El Club de los Canallas (Bollinger Everyman Wodehouse saria); La lluvia antes de caer, La espantosa intimidad de Maxwell Sim, Expo 58, El número 11, El corazón de Inglaterra eta El señor Wilder.
Bournville da gaztelaniaz argitaratu duen azkeneko lana. Ingelesez berriz, The Proof of My Innocence argitaratu berri du.
Slawka Grabowska
Soziologoa, ingeleseko irakaslea, hainbat kontakizun laburren egilea. Krakoviako Jagiellonian Universityko Soziologia Fakultatean herri kulturan espezializatu zen, baina literatura eta hizkuntzak dira bere benetako pasioa. 2009tik hizkuntzen irakaskuntzan eta kultur ekitaldien dinamizazioan dihardu. Ohiko literatur solasaldien ordezko formatu berrien sortzailea: afariak, ibilaldiak, jolasak, audio gidak, erakusketak.
2012an ingelesezko irakurketa kluba sortu zuen, Donostia Book Club, gaur egun Donostia Kulturako Liburutegi Nagusian biltzen dena. Amaia Garciarekin batera, El refugio de papel literatur podcastaren eta LUMAfest! Gazte literaturaren jaialdiaren sortzaileetako bat da.