Aritz Gorrotxategi Donostia, 1975
Zuzenbidean lizentziatua da, baina idazketa du lanbide. Gidoigile, zutabegile, irakasle eta itzultzaile jarduten du. Tolstoi, Coetzee, Philip K. Dick, Don DeLillo eta Julian Barnes ekarri ditu euskarara.
Estilo askotan aritu den idazlea da. 2000. urtean Irun Hiria saria eskuratu zuen bere lehen eleberriarekin, Kafkaren labankadarekin. Prosan, harenak dira, esaterako, Kearen truke, Axola ez duenean eta Koldar hutsa zara eleberriak. Ipuingintzan, berriz, Egurra Pinotxori, Zer egingo dugu orain opariekin? (Donostia Hiria Kutxa Literatura Saria, 2016) eta Ahazten diren gauzak ipuin-bildumak aipa daitezke. Poesiari dagokionez, Taxi bat Hamletentzat, Zaldi hustuak, Hariaz beste (Kritikaren Saria 2012an) eta Amua (Irun Hiria Kutxa Literatura Saria, 2019) poema-liburuak argitaratu ditu.
Balea Zuria argitaletxearen sortzaileetako bat da, eta 2008az geroztik Donostian ospatzen diren Pentsamendua eta poesia jardunaldien antolatzaileetako bat.