Leire Palacios Bilbo, 1986
Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Giza Zientzietan lizentziaduna da, Irakaskuntza Masterra eta Enpresa Nazioartekotze eta Humanitate Digitalen graduondokoak ikasi zituen.
Kulturaren esparruari eman dio militantzia eta ibilbide profesionala. EITB albistegietan hasi zuen ibilbidea eta hamar urte baino gehiagoz aritu da irrati-esatari, literatur kritikari, gidoilari eta telebista aurkezle. Euskal Idazleen Elkartearen Irakurrieran irratsaioa aurkeztu zuen bost urtez Bizkaia Irratian, eta hainbat kultur proiektu eta hedabideekin kolaboratu du, besteak beste, BERRIA, Jakin, Hegats, Geuria, Naiz edota Azkuna Zentroa, Tabakalera, Elkar eta Consonni argitaletxeekin.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutza Fundazioren komunikazio lantaldean proiektu humanisten ardura hartu zuen eta estreinako Euskaraldiaren komunikazio arduradun nazionala izan zen. 2018an PuntuEus Fundazioaren proiektu arduradun gisa hasi zen hizkuntza eta ingurune digitala uztartuz, eta ordutik kultura, sorkuntza eta berrikuntzaren intersekzionalitatetik lan egiten du Badabab erreferentzia zentroan berrikuntza eragile gisa.
Ahotsenea, Durangoko Azokako sortzaileen gunea, lantaldeko eta Azpi Kultur Elkarteko kidea da.