Literaktum Topaketak: Selva Almada Okendo Kultur Etxean egongo da irailaren 19an
Selva Almada izango da aurtengo bigarren Literaktum Topaketaren protagonista. Donostiako Zinemaldiaren laguntzarekin egingo den jarduera Okendo Kultur Etxean izango da irailaren 19an, 19:00etan. Urte osoan zehar nazioartean ezagunak izan edo euren literatur ibilbideari saria jaso duten sortzaileen bisitak jasotzeko aukera ematen digute Topaketa hauek, azaroan izaten den Literaktum Jaialdiaren babesean.
Selva Almada Argentinako Entre Ríos herrian jaio zen 1973an. Idazlea da eta No es un río (2020), Ladrilleros (2013) eta El viento que arrasa (2012) nobelen egilea, besteak beste. 2017an argitaratu zuen El mono en el remolino. Notas del rodaje de Zama de Lucrecia Martel ingelesera, alemanera eta turkierara itzulita. Gainerako lanak ere, frantsesera, ingelesera, holandarrera, portugesera, italierara, suedierara, indonesierara eta norvegierara itzuli dira.
Jesús López (2021) filmaren gidoilaria ere bada Almada, Maximiliano Schonfeld zuzendariarekin batera. Jesús Lópezek Donostiako Zinemaldian izan zuen mundu mailako estreinaldia (2021) eta Abrazo saria, Biarritzeko Zinemaldian film onenaren saria (2021), Mar del Platako Zinema Jaialdian Latinoamerikako film onenaren saria (2021), eta Entre Rioseko Zinemaldian ikusleen eta film onenaren saria (2021) irabazi zituen. Alejandro Millán Pastori zuzendariaren Lai (2017) dokumentalean ere parte hartu zuen. Selva Almada Latinoamerikako egungo literaturan etorkizun oparoko sortzailea da.
Topaketako solaskidea Olga Grande (Errenteria, 1975) kazetaria izango da. Donostiako SER irrati katearentzat lan egin du 24 urtez, eta Prisa Taldeko Gipuzkoako musika irratien koordinatzailea izan da. Irratian egin zuen azken aldian, kazetaritza sozial eta kulturalean espezializatu zen. 2019an ONCE Euskadi 2019ko Sari Solidarioa jaso zuen.
Literaktum Topaketa honetarako sarrera librea izango da aretoa bete arte.