Literaktum Topaketak: Petros Márkaris Okendo Kultur Etxean egongo da apirilaren 27an
Petros Márkaris Okendo Kultur Etxean izango da apirilaren 27an, 19:00etan, aurtengo Literaktum Topaketei hasiera emanez. Urte osoan zehar nazioartean ezagunak izan edo euren literatur ibilbideari saria jaso duten sortzaileen bisitak jasoko ditugu Literaktum Topaketetan euren lanak eta proiektuak, irakurleekin parteka ditzaten.
Kostas Jaritos komisarioa protagonista duten nobela beltzengatik da ezaguna Petros Márkaris eta apirilaren 27an bere literatur ibilbideaz eta Cuarentena azken eleberriaz solastuko da Olga Grande kazetariarekin.
Ohiturak aldatu, gogo-aldarteak sumindu, eta behartsuen bizitza are gehiago zaildu duen koronabirusaren pandemian kokatzen da Cuarentena, eta nola ez, liburua osatzen duten kontakizunetako bitan inbestigazio lanetan azaltzen den Jaritos komisarioari ere eragin dio egoerak.
Viena eta Stuttgarten zientzia ekonomikoak ikasitakoa, Atenasen bizi da Petros Márkaris (Istanbul, 1937). Idazlea, zinema eta telebistako gidoilaria eta itzultzailea da, eta bere lanean kritika sozialeko elementu ugari sartu ohi ditu; bizitzan ere, aktibista sozial sutsua da. Bere literatur lan zabalean, aipatzekoa da Trilogía de la crisis arrakastatsua, honako hauek osatua: Con el agua al cuello, Liquidación final eta Pan, educación, libertad, eta, baita, Hasta aquí hemos llegado eta Offshore. La muerte de Ulises-en, hiru polizia-kasu eta gogoz kontrako emigrazioari buruzko kontakizunak biltzen ditu eta Greziako hiriburuaren oso gida pertsonala eskaintzen du, Próxima parada, Atenas-en.
Sari ugari jaso ditu Márkarisek, tartean, Goethe Domina, Europar Polar Saria edo Pepe Carvalho Saria. Grezia zein Europako hainbat komunikabidetako kolaboratzailea da eta prentsa idatziko artikuluen bildumak ere argitaratu ditu. Beste lan ezagun batzuk ditu: Noticias de la noche, Suicidio perfecto edo Muerte en Estambul.
Petros Márkarisen solaskidea izango den Olga Grande (Errenteria, 1975) kazetaria da. Grupo Prisaren Gipuzkoa Musika kateen arduraduna izan da besteak beste, eta azken urteetan kultura eta gizarte arloko gaietan espezializatutako irratiko erredaktorea. 2019an Once Euskadi Saria jaso zuen.
Literaktum Topaketa honetarako sarrera librea izango da, aretoaren edukiera bete arte. Itzulpen zerbitzua izango da euskara eta gaztelaniara.