"Letrak zeruertzean" da 2024ko Literaktum jaialdiaren leloa
Literaktum letren jaialdiak azaroaren 11tik 24ra du aurtengo hitzordua. Sail eta proposamen berriekin eta, ohi denez, kolaborazio-sare zabalarekin gauzatuko da.
Letrak zeruertzean izango du izenburu aurtengo jaialdiak, eta literaturaren eta gatazka sozial, politiko eta gerren eta horien ondorioen arteko harremanak aztertuko dira. Egoera bidegabeetatik eratorritako indarkeria eta gatazkek behartutako migrazioen ondoriozko nortasun eza ere izango dira mintzagai Literaktumen.
Jaialdiaren gai nagusiaren harira, Literaktumen izango dira David Uclés, Eduardo Halfon, Monika Zgustova, Fermina Cañaveras, Juan Manuel Zaragoza, Javier Zamora, Sergio del Molino, Antonio Monegal eta Adania Shibli.
Beste gai batzuen inguruan idatzi dituzten lan berriak aurkeztu dituzte Unai Elorriagak, Sabina Urracak, Karmele Mitxelenak, Máximo Huertak, Beñat Sarasolak, Dolores Redondok, Fatma Aydemirrek eta Carmen Molak.
Jaialdia hasi aurretik, Literaktum aperitifa izango da, aurten lehen aldiz. Azaroaren 7an, eta Martín Caparrós sortzaile argentinarra izango dira protagonista.
Eta Luis Martín-Santos idazlearen jaiotzaren mendeurrenean, beste idazle bat, Enrique Vila-Matas arituko da hark idatzitako Tiempo de silencio nobelaz San Telmo Museoan ikusgai dagoen erakusketarekin lotutako jardueran. Anne Rearicken argazkiek, Markos Gimenoren palindromoei jarritako irudi-kartelak, Mila Garciaren Paperezko arimadun istorioak eta Irabazi Arte! telesailean oinarritutakoak osatzen dute erakusketen eskaintza.
Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Sariek, Literaktum Txikiak, musika emanaldiek, errezital musikatuak, irakurketa dramatizatuak, Kafkaren lanetan oinarritutako afariak, eta beste hainbat jarduerek osatzen dute Donostiako hainbat espaziotan gauzatuko den programazioa, literatura hiri osora zabalduz.
Informazio gehiago: Literaktum.