Aurtengo edizioko lehen egunak igarota, asteburuari begira ere jardueraz beteta dator literatura jaialdia.

2024.11.14


Bihar, azaroak 15 ostirala, Monika Zgustovarekin izango da hitzordua Okendo K.E.n, 19:00etan.
Soy Milena de Praga azken lana izango dute hizpide Monika Zgustovak eta Ana Merinok bien arteko solasaldian. Ordu berean, Mursegok kontzertua eskainiko du Ernest Lluch K.E.n, bertan ikus daitekeen Markos Gimenoren Karteletrak erakusketaren berrirakurketa librea eginez.

Asteburuan sartuta, Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Sarien banaketa ekitaldia izango da larunbatean, Antzoki Zaharrean, 19:30ean. Kontakizun-liburua eta antzerkia modalitateak sarituko dira, eta ondoren, A Fuego antzezlana eskainiko du La Bella Otero konpainiak gaztelaniaz. Igandean aldiz, 19:00etan, Lugaritz K.E.n Viridianaren Restos de un naufragio antzerki obra izango da, gaztelaniaz hau ere.

Astea hasteko, hiru jarduera izango dira astelehenean: Dolores Redondok Las que no duermen NASH azken lana aurkeztuko du Victoria Eugenia Antzokian, 19:00etan. Eduardo Yáñez izango du elkarrizketatzaile Redondok. Bestetik, ordu berean, San Jerónimo aretoan, Beñat Sarasola Coca Cola bat zurekin eleberriaz arituko da Danele Sarriugarterekin, eta Sergio del Molinok aldiz, Los alemanes aurkeztuko du, Okendo K.E.n, 19.00etan, Leire Palaciosekin solasean.

Literaktum Txikia

Literaktumen lehenengo asteburuan literaturaz gozatzeko aukera izango dute literaturazale gaztetxoenek.

Azaroaren 16an, larunbatez, Egunean behin antzezlana izango da Ernest Lluch K.E.n, 17:00etan. Ordu berean, zinema Aiete K.E.n, Nur eta herensugearen tenplua filmarekin.
Eta antzerki gehiago izango da haurrentzat 18:00etan, Larratxo K.E.n. Tdiferencia konpainiak Onin eta antzerkiaren misterioa eskainiko du.

Ilustratzaileekin lantegiak ere izango dira Gros eta Aieteko Haurtxokoetan, Judas Arrietarekin eta Iban Illarramendirekin hurrenez hurren.