Datozen egunetan hainbat ekitaldi egongo dira hiriko hainbat kulturgunetan azaroaren 26ra arte.

2023.11.16

Literaktum letren jaialdia indarrez heldu da laugarren egunera. Gioconda Belli, Antje Rávic Strubel, Antonio Muñoz Molina izan ditugu, besteak beste, jaialdia abiatzeko. Atzokoa, hitzordu seinalatua izan zen Antzoki Zaharrean. Bitan Espainiako Literatura Sari Nazionala jaso duen Antonio Muñoz Molina Ana Merinorekin mintzatu zen No te veré morir azken eleberriaren inguruan.

Jaialdia aurrera doa. Gaur goizean, Martuteneko Arantzazuko Ama Ikastolako ikasleak Alaia Martin bertsolariaren gidaritzapean dabiltza auzoko saltokietan erakusleihoak maitasunaren inguruko hitzez apaintzen. Arratsaldean, Call  Me by Your Name filmaren proiekzioa eta solasaldia izango dira Intxaurrondo Kultur Etxean. Bestalde, San Telmo Museoan eta Okendo Kultur Etxean poesiaren inguruan arituko dira; alde batetik, Marta Jiménez idazlea eta bestetik Blanca Llum Vidal eta Castillo Suarez poetak.

Ostiralean, azaroak 17, hiru ekitaldi izango dira. Italo Calvinoren 100. urteurrena dela eta irrati antzerkia erreproduzituko da Casares Kultur Etxean. Intxaurrondon Literatur emanaldi musikatua izango da Joseba Sarrionandia, Joxe Mari Iturralde, Anne Etchegoyen eta Iñar Sastre tartean direla. Ernest Lluch Kultur Etxean Literatura infantil, ¿cambiamos el cuento? solasaldia programatu da. Bertan, Yolanda Arrieta, Belén Gaudes eta Sandra Sánchez izango dira solaskide; Beñat Sarasola arituko da gidari lanetan.

Asteari amaiera emateko, igandean Lugaritzen Toto antzerki saioa izango da 19:00etan, Imanol Larzabal aretoan.