Literaktum 2022 aurrerapena: Eduardo Mendoza eta Abdellah Taia
Azaroaren 14tik 27ra bitartean egingo da aurtengo Literaktum jaialdia eta Literatura eta Zinema izango du gai nagusia.
Film bilakatutako eleberriak dituzten autoreak eta batetik besterako sorkuntza prozesua izango dira mintzagai eta nazioarteko literaturaren izen ezagunak hartuko ditu Literaktumek. Besteak beste, hainbat sarien artean 2016an Cervantes Saria eta 2015ean Franz Kafka Saria jaso eta bere obratan oinarrituta hainbat film egin diren Eduardo Mendoza eta Abdellah Taia idazle marrokiarra izango dira jaialdian. Abdellah Taiak L’armée du salut eleberria argitaratu zuen 2006an eta izen bereko filma ere zuzendu du.
Antolatutako programazio zabalaren barruan, aurten ere Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien banaketa hartuko du literatura jaialdiak. Azaroaren 19an izango da ekitaldia, 19:30ean eta bertara joateko gonbidapenak urriaren 21eko 11:30etik aurrera eskuragarri izango dira webguneko ekitaldiaren goiko loturan eta Victoria Eugenia Antzokia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.
Literaktum Txikiak berriz, iaz oso arrakastatsua izan zen ilustrazio lehiaketa hartuko du aurten ere. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako lehiaketa izango da eta Txano eta Oscar komikiko pertsonaien abenturak dira ilustraziorako gaia. Marrazkiak Donostiako Haur Liburutegi Nagusian eta Kultur Etxeetako liburutegietan aurkeztu beharko dira azaroaren 2tik 15era.