5.500 lagun baino gehiago agurtu berri den Literaktum Jaialdian
Literaturazale ugarik hartu dute parte azaroaren 14tik 27ra izan diren 54 jardueretan.
Literatura eta zinema izan du ardatz nagusia aurtengo Literaktumek, Donostiako Zinemadiak bete duen 70. urteurrena aintzat hartuta. Bi lengoaia mota horien harira mintzatu dira bai idazle, bai gidoilari eta baita zinema zuzendariak ere. Literaktumen izan dira besteak beste, Jesús Carrasco, Virginia Feito, Jon Arretxe, Eduardo Mendoza, Gabriela Ybarra, Lorenzo Silva, Abdellah Taia eta Miren Gorrotxategi idazleak, Ángeles González Sinde zuzendaria edo eta Joanes Urkixo eta Carlos Vila gidoilariak.
Literaktumek nobela berriei erreparatzeko tartea izan du eta euren lan berriez aritu dira María Oruña, Isaac Rosa, Héctor Abad Faciolince, Iban Zaldua eta Katixa Agirre. Bere literatura ibilbideaz aritu da berri, Pello Lizarralde. Idazleekin antolatutako jardueratan, Eduardo Mendoza eta Héctor Abad Faciolincerenak izan dira jendetsuenak. Bi urteurrenek ere izan dute presentzia literatura jaialdian: Pío Barojaren jaiotzaren 150. urteurrena, Soledad Puértolas eta Luis Antonio de Villena idazleen solasaldiarekin eta erakusketa batekin gogoratu du Literaktumek eta Juan San Martin jaio zeneko mendeurrena, bere seme Oierrekin solasean gogoratu dugu.
Idazleekin izandako solasaldiez gain, Literaktumen izan dira baita ere literatura beste lengoaia batzuekin elkarrizketan jarri dituzten jarduerak; mahai inguru eta poesia irakurketa, errezitaldi musikatuak, irrati tailerra, antzezlanak, bideo foruma, bertso saio literarioa... eta baita bost erakusketa, zeinak oraindik ere abendua edota urtarrila bitartean ikusi ahal izango diren.Literaturazale gazteenentzat osatutako Literaktum Txikiaren programa ere arrakastatsua izan da. Ipuin-kontalariak, antzezlanek, Haurren Egun Unibertsalaren 6. festak, tailerrek eta Txano eta Oscarren abenturak gaia izan duen ilustrazioa lehiaketak ere izan dute tartea programa zabalean. Azken honetan, 6-12 urte bitarteko haurrek eginiko 120tik gora ilustrazioek hartu dute parte.
Donostia Hitzen hiria bilakatzen duen literaturaren jaia amaitu da baina bertan esan eta entzundakoekin gozatzeko aukera ere bada oraindik. Hainbat solasaldien podcastak entzungai daude Donostia Kultura Irratiaren webgunean, DK ON! eta podcast plataforma nagusienetan.